XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Prestakuntza orokorra (P.O.F.):

Oinarri orokor zabalak lortzeko erabiltzen dugun zatia da.

Honen bidez, gorputzaren gaitasun orokor guztiak garatuko ditugu.

Fase honetan prestakuntza fisikoak lehentasuna badu ere, kirol bakoitzaren alderdi tekniko-taktiko eta sikologikoak ere lantzen hasi beharra dago.

Erabiliko ditugun entrenamendu bide eta metodoak era ezberdinetakoak eta barietate handikoak izango dira.

Bestalde, kargei dagokienez, zati honetan lan bolumen gorenak (egun eta ordu askotako entrenamenduak) burutuko ditugu.

Baina, aldi berean, lan trinkoak ere batez ere indarra eta abiadura hobetzekoak progresiboki sartzen joan behar dugu.

- Prestakuntza espezifikoa (P.E.F.):

Zati honetan berriz, behin oinarri orokorrak lortu eta gero, kirol bakoitzaren alderdi espezifikoen lanketan oinarrituko gara.

Hau da, lan orokorra alde batera utziaz, kirolariaren emaitzetan eragina izan dezaketen alderdi eta kualitate fisiko espezifikoen entrenamenduan.

Fase honetan alderdi tekniko-taktikoa eta prestakuntza fisikoa, biak batera, lantzen ahalegindu beharko dugu.

Eta erabiliko ditugun ariketak guztiz espezifikoak izango dira.

Are gehiago, prestakuntza fasearen bukaerarako, entrenamendu gehienek txapelketa egoeretan oinarrituta egon beharko dute.

Zati espezifiko honetan, intentsitate handiko lanak izango du lehentasuna, eta ez, aurrekoan bezala, bolumen lanak.

5.2.2.- Txapelketa fasea (Tx.F.):

Behin txapelketan sartuta gaudenean, aurreko fasean lortutako mailari eusten ahalegindu beharko dugu.

Fase honetan, aurretik landutakoa txapelketako egoera zehatzetara ahalik eta ongien egokitzen saiatu behar dugu.

Eta horrela, prestakuntza fisikoaren, tekniko-taktikoaren eta alderdi sikologikoaren entrenamendu espezifikoaren neurri gorena lortuko dugu.

Beraz, txapelketako egoeretan oinarrituta izango da gehien erabiliko dugun entrenamendu era.

Eta bai txapelketa ofizialak, bai entrenatzaileak antolatutakoak (adb., lagunartekoak) ere ezinbestekoak izango dira maila espezifiko gorenari eusteko.

Dena dela, txapelketa faseak hiru hilabete baino gehiago irauten duenean (adibidez, talde kiroletan), tartean prestakuntza espezifikoko eta bolumen handiko zati bereziak (adb., mesozikloa) bereiztu beharko ditugu.